20150522

LANGILEAK DESMOBILIZATZEKO AKORDIOA


Madrilgo negoziazio kolektiboko akordioaren helburua langileak desmobilizatzea da

Eibarko Astelena frontoian ELAko Industria eta Eraikuntza federazioko delegatuen aurrean hitz egin du Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak:
"Ez ditugu lanaldi amaigabeen truke hileko 700 euroko soldatak nahi, eta horixe da krisitik irteteko pentsatu duten irtenbidea: Enplegu miserablea, langile pobreak". Erronka honi eta lan munduak dituen beste erronkei aurre egiteko Txikik konpromiso sindikalaren balioa nabarmendu du.

"Patronalak nahi zuena lortu du. Gehienezko muga ezarri diote soldata igoerari; hortik behera, nahi dutena ezar daiteke, minus infinitutik gehienez %1eraino.
Aldiz, IBEX-35eko enpresetako zuzendaritzak %24ko soldata igoera eman diote beren buruari eta enpresen irabaziak puztu egin dira".
Honelako akordioak, langile-klasea desmobilizatzeko erabiltzen dituzte gobernuek eta patronalek. Horregatik, edukirik ez duten akordio burokratiko hauek baztertu eta geurea erreibindikatu behar dugu. Patronal honekin, legea bere zerbitzura duelarik eta gobernuek ematen dioten babesarekin ezin da CCOOek eta UGTk sinatu dutena beste akordiorik lortu, ez EAEn, ezta Nafarroan ere. Eduki hori ez da erreferentzia ELArentzat. Sindikatuak ez du bere funtzioa hustu behar gomendio hutsak sinatzeraino; hauek ez diote inolako mugarik ezartzen patronalak soldatei erasateko dituen estrategiari (negoziazioa estatalizatzea, azpikontratazioa, zerbitzu-enpresak, outsourcing).

Harrigarria da patronala beste erreforma laboral bat eskatzen ari denean CCOOek eta UGTk honelako akordioak sinatzea.
"2012an, aurreko AENC sinatu zutenean, esan zuten Rajoyren erreforma saihestuko zutela. Bi aste beranduago PPk sekula ezagutu dugun erreforma laboralik latzena egin zuen. Orain patronal berak, epaileei prebarikatzen ari direla leporatzen dienak, beste erreforma bat galdegiten du, beren aldebakarreko erabakiak muturreraino eramateko: enplegua, hitzarmenen iraupena, soldata jaitsierak... Ulergaitza da CCOOek eta UGTk erabaki bera hartzea".

ELAko idazkari nagusiak aipatu du ELAk oinak lurrean dituela.
“Krisiaren aitzakiaz ezarri dizkiguten aldaketa basatiak ez dira egun bateko kontua; iraun egingo dute. Hemen egiten diren politikak NDFk, EBZk eta Komisioak erabakitzen dituztenen luzapena dira, eta hauek ez dituzte inola ere orekatzen. Erreformak egin dira esplotazioa hedatzeko eta hazkunde ekonomiko aldian ere galtzen jarrai dezagun. Hala da, gobernuek eta patronalak desberdintasuna areagotu nahi dute. Hor dugu bilatzen zutena: prekarietate sozial larria (pobrezia eta bazterketa) eta esplotazioa, baldintza miserableekin, batik bat kontratu berrietan”.

Gobernuek zigortzen dituzte, ELAk bezala, murrizte politikei aurre egin dieten erakundeak. "Izan ere, gobernuok patronalarekin bat baitatoz identitate kolektiboei eraso egin behar zaiela. Confebaskek, ELA eta LAB sindikatu gisa deusezteko asmoa zuen, eta Jaurlaritzak patronalaren asmoa hauspotu egin zuen, sasi-elkarrizketa sozialeko mahai batean esertzera gonbidatuaz.
Aski argi zegoen zer nolako asmo aurredemokratikoak zituzten, baina areago agertu dute hori berriro, hazten ari diren enpresetan ordezkaritza sindikalik ez egoteko aukera aldarrikatu baitute. Confebaskek esan zuen ordezkari sindikalak izateak,  enpresen hazkundea eragozten duela. Argi dago gure oinarrizko eskubideak traba direla eurentzat. Hori guztia Gasteizko gobernuko industria sailburuaren aurrean esan zuen".

Gaurko erronka nagusia antolakuntzan datza.
"Hor jokatzen dugu dena. Zailtasunetan lan egitea beste aukerarik ez dugu. ... Prekarietateari aurre egiteko, negoziazio kolektibo askoz zailagoari erantzuteko, lantokien atomizazioa eta lan-baldintzen estatalizazioa borrokatzeko, bazterketa sozialaren kontra lan egiteko, solidaritatezko politikak galdeginez”.
Sindikatua egiteko lana kolektiboa da.
"Sindikatuko arduradun guztiei eta oinarri militanteari dagokie. Sindikatua bere militanteek izatea nahi duena izango da; horregatik sindikalismoak militantziarako konpromisoa behar du", amaitu du.

iruzkinik ez: