20150507

TXIKI MUÑOZ: MAIATZAREN 1ean

    
TXIKI MUÑOZ: MAIATZAREN 1eko HITZALDIAren ARDATZAK
ELAko zuzendaritzako kideak Bilbon 
 
EGOERA POLITIKO-EKONOMIKOA

Kosta egiten da konturatzea Rajoyren, Urkulluren eta Barcinaren politikak luzapen bat direla, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Europar Batzordeak hartutako erabakien luzapena, eta inolako orekarik ez dutela ezartzen. Gobernuek gizartea orekatzeko eginbeharrari uko egin diote eta, horrenbestez, kapitalak nahi duen guztia lortzen du.

Kapitalak egitura instituzional bat eratu du, eta egitura horren ondorioz politika neoliberalak dira egin daitezkeen politika bakarrak; lortu dute gobernu aldaketek funtsean eraginik ez izatea.
Ezinbestekoa da, batez ere ezkerrarentzat, Europari buruzko gogoeta sakona egitea.
Erakunde europarren helburua da instituzioetan eraldatze sozialerako aukerarik ez izatea.

Erreformak egin dira esplotazioa hedatzeko eta hazkunde ekonomiko garaian ere galtzen jarrai dezagun. Patronalak berak esaten du hori dela bere nahia, eta gobernuek politika egiten dute ezer gertatuko ez bailitzan. Hazkundea denean ere desberdintasun handiagoa nahi du.


Iritsi da eurek nahi zuten unea: prekarietate sozial handia (pobrezia eta bazterketa) eta langileen esplotazioa, kontratu miserableekin, batez ere kontratu berrietan.

 
SINDIKATUAK OZTOPO DIRA...

IDENTITATE KOLEKTIBOAK SUNTSITU NAHI DITUZTENENTZAT

 
Eragin duten indar desoreka izugarria izan arren, gobernuek eta patronalak sindikatuaren moduko identitate kolektiboei eraso egiten diete.
Urkulluren gobernuak Europako patronalik erreakzionarioena babesten du, identitate kolektiboei egiten dien erasoetan; hauetako identitate bat dugu sindikalismoa.

KONTRABOTERE EZ BAGARA, EZ GARA EZER. SINDIKATUAK INDARRA EMATEN DIGU

Desberdintasuna leuntzeko, lan duinagoa izateko politikak exijitzen ditugu. Hori exijitzea ez da inondik ere maximalismoa.

Sasi-elkarrizketa soziala antzezpen bat da; partaide sindikalek ezin dute lorpen bat ere erakutsi. Ez baitago, ezta etorkizunean izango ere.

ELAren aburuz, sindikalizazioa eta borroka nolakoa den, lan-baldintzak, soldata maila eta gizarte-prestazioak halakoak izaten dira; hauek biak, sindikalizazioa eta borroka, baitira politika indarrez eta autonomiaz interpelatzeko oinarrizko baldintzak.


Gaur sindikalismoaren eginbeharrik nagusiena antolakuntza da; oinarritik hasita botere sindikala sortu behar dugu. Sindikalismo burokratikoa traba bat da. ELArentzat behar-beharrezkoa da estrategiak erabakitzeko erabateko autonomia sindikala; ezin da inolako menpekotasunik onartu, ez gobernu, ez patronal, ez alderdiekiko.

iruzkinik ez: